XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainerako korridetako berriak biltzerik ez dugu izan.

Aurreko urtean, Isabel II.a erregina bere tronotik bota egin zuten irailean Prim, Serrano eta Topetek tropak altxatuta.

Orduan sortu zen egoera berriaren ondoren, Tuteran giro onik ez zegoen eta ez zuten 1869.eko santanatarako ez korridarik eta ez nobilladarik antolatu.

Urrian sokamuturra izan zen, Isabel erreginaren destronatzea ospatzeko.

Perez Labordaren zezen bat erabili zuten Plaza Berrian eta kalez kale, azkenean Castel Ruiz plazan hil zuten arte.

Nahiz eta Mariano Sanz tuterarrak sokamuturra 1869. urtean izan zela esan, aurreko urteko urrian gertatua izatea posible dela uste dugu.

Orduan bidali bait zuten erregina erbestera.

Azpeitian 1869. urteko saninaziotan, Antonio Etxeberriak antolatu zituen nobilladak.

Uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean Lasturreko launa zezenko fresko txuliatu eta banderilaztatu zituzten toreatzaile gipuzkoar eta bizkaitarrek.

Larrabehia ere atera zuten bertako gaztejendearentzat.

Sarrerak, bi erreal balio zuen.

Donostian, 1869.eko ekainaren 23an, Luis Ramirez Martxariena jaio zen; gero toreatzaile famatuekin banderilari gisa lan egingo zuena.

Gasteizen, 1869.eko abuztuaren 8, 9 eta 10ean, Vicente Martinez, Zalduendo eta Veragua-ren zezenak jokatu zituzten.

Rafael Molina Lagartijo eta Arjona Curritok parte hartu zuten.

Jendea oso pozik atera zen korrida haietatik.

Bilbon 1869.eko abuztuan ospatutako korridetan, Currito eta Frascuelok Veragua, Vicente Martinez eta Justo Hernandez-en zezenak hil zituzten.

Vicente Mutinez-en Cartujo zezena (abuztuaren 22an jokatua) hamazazpi pikaldi jasan eta bost zaldi hil zituelako nabarmendu zen.

Abuztuaren 21ean berriz, Veragua-ko dukearen Perrerok sei zaldi hil zituen hemeretzi pikalditan.

1869. urteko urtarrilaren 10ean, Madrileko plazan Joana Berikoetxea (Berakoetxea izango zen) emakume arabarra aurkeztu zen zaldi gainetik burtziak sartzera.

Batzuek diotenez, Nikolasa zuen izena burtzikari eta pikatzaile gisa lanean aritu zen emakume hark.

Lehiaketetan beti izan omen zen saritua.

Europako zenbait gobernuren dominak ere jaso omen zituen zaldiketan nabarmendu zelako.

XIX. mendearen azken aldera Maria Agirre Charrita mejicana ero famatu egin zen burtziketan lana ondo egiteagatik.

Garai hartan izan ere emakumeengan toreatzaile edo burtzikari izateko joerak indar hartu bait zuen.

Zezenei dagokionez, 1869. urteko beste bi albiste aipagarri dira.

Bata, martxoan Madrileko kartel iragarleak zioena da.

Izan ere korridetarako zezenak trenez abiadura handiz joango ziren.

Bestea, Akitaniako Joseph Yonnet ganaduzale landetarrak egindako saioa da.

Karrikiriren zezenak Camuga-ko behiekin nahastu zituen.

Handik ez zen emaitza onik atera.

Korridetarako ez ziren egokiak; latzegiak bait ziren.

1870. urtean, Bilboko zezenplaza berritu egin zuten.

Zurezko plaza biribil hartan obrak egin zituzten, palkotaraino harrizko hormak eraikiz.

Abuztuko korridetan, Lagartijo eta Frascuelok Veragua, Concha y Sierra, Martinez eta Felix Gomez-en zezenak toreatu eta hil zituzten.